10 de diciembre de 2014

MARKEL OLANO: “FORU GOBERNUAK LEGEALDIKO GAITZESPENIK HANDIENA JASO DU, IZAN ERE, BATZAR NAGUSIEK ATZERA BOTA DITUZTE EKONOMIA ESTRATEGIA ETA AURREKONTUA”.



EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak esan du, Gipuzkoak inoiz baino behar handiagoa duela krisiari aurre egiteko estrategia bat izateko. Baina ez du estrategiarik, ezker abertzaleak aurreiritzi ideologikoak dituelako.



Gipuzkoako Batzar Nagusiek legealdiko osoko bilkura garrantzitsuenetako bat egin dte gaur. Bertan, batzarkide-taldeek bi gairi buruz eztabaidatu dute: lehenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sustapen Estrategia dokumentua; eta bigarrenik, 2015eko aurrekontuari aurkeztutako osoko zuzenketak. Bi gaiek lotura zuzena dute, izan ere, Batzar Nagusiek urrian onartutako Ekonomia Sustatzeko Foru Arauak Foru Aldundia behartzen du ekonomia sustatzeko plangintza bat egitera eta Batzar Nagusietan eztabaidatzera – eta horretarako, gai bakarreko osoko bilkura egitera – eta, behin plangintza eztabaidatuta, foru gobernuaren aurrekontu-proiektuan sartzera.

Horiek horrela, gaur oposizioko batzarkide-taldeek atzera bota dituzte bai Foru Aldundiaren Sustapen Estrategia dokumentua, bai 2015eko aurrekontua. Horren ondorioz, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanoren ustez, Foru Aldundiak legealdiko gaitzespenik handiena jaso du.

Horren harira, Olanok honakoa esan du: “Berriro ere, agerian gelditu da krisiari aurre egiteko bi ereduen arteko talka dagoela. Gipuzkoak ekonomia-egoera zaila bizi du eta EAJ-PNVk oso argi du, Gipuzkoak inoiz baino behar handiagoa duela krisiari aurre egiteko estrategia bat izateko. Baina, talamez, Gipuzkoak ez du estrategiarik, ezker abertzaleak aurreiritzi ideologikoak dituelako eta, ondorioz, Gipuzkoako enpresa gehienak baztertzen ditu”.

Hortaz, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak segidakoa gogorarazi du: “Ekonomia sustatzeko Foru Arauak politika bat ezartzen du, hain zuzen ere, hiru fase dituen politika: lehenik, esportatzeko gaitasuna duten enpesak sustatu behar dira – hain zuzen ere, enpresa traktoreak –, bigarrenik, enpresa laguntzaileak edo zerbitzu-enpresak, eta azkenik, kontsumoa. Baina aitzitik, Bilduk ez du politika horrekin bat egiten, izan ere, enpresa esportatzaileak albo batera utzi ditu, betiere, ideologia-arrazoiak direla –eta, hain zuzen ere, Gipuzkoaren errealitatearekin bat egiten ez duten ideologia-arrazoiak”.

Era berean, Markel Olanok salatu du, Bilduk ez duela ekonomia sustatzeko estrategia sinesgarririk. Eta, hori, EAJ-PNVren ustez, oso garrantzitsua da eta, beraz, gainerako oposizioko taldeekin batera, behin eta berriro, Bilduren aginteko foru gobernuari eskatu dio, krisiari aurre egiteko benetako apustua egiteko. Baina aitzitik, Bilduk ez du horrelakorik egin eta urtetik urtera ekonomia sustatzeko aurrekontu-saila murriztu du eta, beraz, oposizioak murrizketa horri aurre egin behar izan dio aurrekontuen negoziazioetan.

Eta hori guztia, Olanoren ustez, nahiz eta Batzar Nagusiek Ekonomia Sustatzeko Foru Araua onartzeak Bilduren aginteko foru gobernuari debekatu dion aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartzea. Baina, Bilduk ez du ekonomia lehenetsi eta, orain, 6 milioi euro eskaini ditu egitura-defizit bati aurre egiteko. Eta hori ez da foru arauak eskatzen zizkion ez plangintza, ez Euskal Herriko erakundeek egin beharreko apustua, hain zuzen ere, Gipuzkoako zein Euskadiko enpresen aldeko apustua.

Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramailearen hitzak: “Bi ereduek estrategia oso ezberdina dute eta, gainera, Bilduren aginteko foru gobernuak ez du neurri zehatzik egin ekonomia sustatzeko. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sustapen Estrategia dokumentua atzera bota dugu, eta dokumentu hori gakoa denez Foru Aldundiaren aurrekontua egiteko, 2015eko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua atzera bota dugu ere”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada